Poliziak atxiloketak egingo zituela aldez aurretik jakin zuten hainbat kazetarik.
      GARAn agertuta 2001ko azaroaren 1a.


      Poliziak atxiloketak egingo zituela aldez aurretik jakin zuten hainbat kazetarik

      Orejaren biografiaren aurkezpenean jaso zuten informazioa, dio Margarita Roblesek

      Espainiar Poliziak ezker abertzalearen aurkako operazioa egingo zuela jakinaren gainean zeuden Madrilgo zenbait kazetari eta hedabide, Barne Ministerioak aldez aurretik eman baitzien informazio hori. Margarita Robles Estatu idazkari izandakoak hala baieztatu zuen atzo, Amnistiaren Aldeko Batzordeetako 13 kideren atxiloketen berri izan ostean. Azken asteotan ugariak izan dira AABen aurkako adierazpen politikoak, talde honek salaturiko «kriminalizazio kanpainaren» barruan.

      Carlos DRONDA | GASTEIZ

      Espainiar Poliziak ezker abertzalearen kontrako operazioa egingo zuela iragarri zien Barne Ministerioak Madrilgo zenbait kazetariri, Margarita Robles Estatu idazkari izandakoak atzo baieztatu zuenez.

      Roblesi elkarrizketa egin zioten Radio Euskadin, eta bertan hainbat kazetari eta hedabide operazioaren jakinaren gainean zeudela azaldu eta komunikabide batzuek euskal gatazkarekiko duten jokaera gaitzetsi zuen. Roblesek esan zuenez, Isabel San Sebastianek Jaime Mayor Orejari buruz idatzitako liburuaren aurkezpenean jaso zuten zenbait kazetarik informazioa, aurki Poliziak atxiloketak egingo zituela, hain zuzen ere. GARAri eginiko adierazpenetan ere, kazetari horiek operazioaren berri bazutela berretsi zuen Estatu idazkari ohiak, eta Barne Ministerioan horrelako informazioak era horretan ematea ohiko prozedura dela gaineratu zuen.

      Zentzu berean, asteartean hainbat kazetari Aznarren Gobernuko ordezkariekin bildu zirela jakinarazi zuen Batasunak, eta bertan atzoko operazioaren berri eman zitzaiela. Batasunak hedabideen jokabidea gaitzetsi eta atxilotuen errugabetasun-presuntzioa aldarrikatu zuen.

      AABen kontrako «kriminalizazio prozesua» abian zegoela salatu zuten irailean erakunde honetako eledunek, Guardia Zibilak Gasteizko egoitza miatu eta gero. Egun hartan ez zuten inor atxilotu, baina Juan Mari Olano AABetako eledunak etorkizunean etor zitekeenaz ohartarazi zuen, hura urrats bat baino ez zela esanez. Geroztik, hainbat adierazpen egin dira amnistiaren aldeko mugimendua ETAren inguruan kokatu nahian, batik bat AABek errepresioak eraginiko gastuei aurre egiteko diru-bilketa aurkeztu zutenetik.


      Dossier home